Bizipoza Jardunaldiak

Urtero antolatzen diren jardunaldiek helburu bikoitza dute: elkarte guztiak elkartu eta bakarrik ez daudela, elkarren babesa sentitzea helburu dute batetik. Bestetik, elkarteen interesekoak diren gaiak landu, esperientziak partekatu, eta mahainguruetan parte hartuz , tresna desberdinak eskuratzea dute helburu .

JARDUNALDIAK 2022

MUNDUAK GUZTIONTZAT BEHARKO LUKE, BAINA EZ DA

Sinopsia:

Askotan lasai joan gaitezke aurrera edo gora begira, estropezu egiteko arriskuari erreparatu ere egin gabe. Hain goaz lasai, ez garela konturatzen gure segurtasuna ondo tenkatutako sare bati zor diogula. Bizipoza osatzen duten elkarteentzat, berriz, lurra ez da beti samurra, beraientzako sarea gaixotasunek edota beharrek urratuta dagoelako. Baina, oso garbi daukate beren haurrek ez dutela etengabe lurrera begira joan behar, lasai begiratu behar dutela aurrera edo gora. Horregatik, etengabe sarea josten eta josten aritzen dira, orratzak hatzak hamaika aldiz ziztatu arren. Neketsua da, baina beharrezkoa. Horregatik gailentzen zaie bizitzeko poza.

Premiatik sortutako elkarteak dira, “pribatuak” omen, irabazi asmorik gabekoak eta iniziatiba solidariotik jasioak. Gizarte zerbitzu publikoek betetzen ez dituzten beharrak samurtzeko sortuak dira. Legeak garbi esaten du marjinazioari eta esklusioari ez zaiola irtenbiderik topatu orain artean eta desparekotasun sozial horren aurrean ezinbestekoa da gizarte-ekintzako eragileek egiten duten lana. 

Munduak guztiontzat beharko luke, baina ez da. Lan honetan zergatik ez den ulertu nahia dago; nori dagokio guztiontzat den mundua eraikitzea? Zer falta zaio munduari guztiontzat izateko? Nork eta nola egiten du lan zulo horiek josteko? Nolako hariz? 

Galderetatik abiatu eta galderekin amaitzen den gogoetatxoa da. Hutsuneak konpontzen hasteko lehen urratsa hutsuneak bistaratzea delako. 

Liburuaren idazlea:

Amagoia Mujika Telleria (Usurbil, 1979). Kazetaria, editorea eta iritzi zutabegilea. Hamar urte baino gehiago daramatza Bizipozako elkarteen ipuinen gidoiak egiten eta gertutik ezagutu du elkarte horien errealitatea. Sentitu, pentsatu, ekin liburuaren egilea 2013. urtean, Pirritx, Porrotx eta Marimototsen 25. urteurrenaren harira. Peio Manterolaren Euskal Herriko haurren eskubide-egoera gizarte eta hezkuntza ikuspegi batetik izeneko ikerketa lanetik abiatuta ondu du liburu hau.

“Bizipoza egitasmoa: Euskal Herriko haurren eskubide-egoera gizarte eta hezkuntza ikuspegi batetik” master amaierako laneko egilea:

Peio Manterola Pavo (Andoain, 1997). Lehen Hezkuntza gradua egin zuen Mondragon Unibertsitatean. Ondoren, Gizarte eta Hezkuntza Eremuen Ikerketa Masterra EHU/ UPVn. Horretan ari zela hurbildu zen Bizipoza elkartera. Hala, elkartearekin zein unibertsitatearekin lankidetzan, Bizipoza egitasmoa: Euskal Herriko haurren eskubide-egoera gizarte eta hezkuntza ikuspegi batetikizeneko Master Amaierako Lana aurkeztu zuen 2020an.Hari horri tiraka, urtebete geroago Covid-19a Bizipozan: bizipenak gogoetak eta ikaskuntzak lana.