Asteburuko jaialdia antolatu dugu Helmugak eta Bizipoza elkarteak maiatzaren 22tik 24ra LeaArtibain
Helmugak Bizipoza Jaian hainbat ekintza prestatu ditugu martxoan hasi eta maiatzaren 24ra arte. Ekitaldi nagusia maiatzaren 22tik 24ra bada ere, aurreko hileetan hainbat lanketa egingo dira Bizipoza zer den ulertu, Bizipoza eskola erabiltzen ikasi eta Bizipozaren kideen lana ezagutzera emateko asmoarekin, hots, 39 elkarteren lana. Modu horretan, Lea-Artibaiko ikastetxeetan, haur, gazte eta irakasleekin beste urrats bat eman da Euskal Herri inklusibo batera bidean. Horretaz gain, hitzaldiak eman dira interesa izan duen edozein herritarri zuzenduta.
Martxoaren 6an, Helmugak Bizipoza Jaia aurkeztu dugu Ispasterren, eta elkarteko kide hauek eman dituzte xehetasunak: Bizipoza elkartetik, Leire Elizegi, Markel Oiarzabal eta Joxe Mari Agirretxe; eta Helmugak elkartetik, Ander Txakartegi. Aspanovas eta Aspanogi elkarte kolaboratzaileak izan ditugu; eta alde instituzionaletik, LeaArtibaiko udal guztietako ordezkariak: Berriatua, Amoroto, Aulesti, Etxebarria, Gizaburuaga, Ispaster, Lekeitio, Markina Xemein, Mendexa Munitibar, Ondarroa eta Ziortza-Bolibar. Cikautxo, Kide, Orbea eta Smartlog enpresa eta kooperatibak ere gonbidatu dira, ekimena babestu dute eta.
Bizipoza Eskolaren aurkezpena
Martxoaren 26an, arratsaldez, Bizipoza Eskola aurkezteko ekitaldia egin da Aulestiko udal areto nagusian. Bertan parte hartu dute Nerea Godoy Fuentes Bizipoza elkarteko kideak eta Bibitxa kolektiboko Ainhoa Etxebarria Gómezek eta Nerea Gartzia aktoreek. Nerea Godoy Fuentesek Bizipoza Eskolaren helburuak azaldu ditu: “Bizipoza eskolak Bizipozako elkarteen errealitateak lantzeko helburua du, eta horretarako materiala eskaintzen die hezkuntza formaleko eta ez formaleko eragileei eta herrigintzakoei, besteak beste, hezkuntzako materiala eta jarduerak.
Modu horretara, esku artean dauzkagun gaiak gizarteratu, landu eta tabuak apurtzea bilatzen dugu; funtsean, enpatiaz eta elkartasunez bizipoza zabaltzea”. Bibitxa kolektiboaren lana zubi lana egitea izango da, hau da, ikastetxeetan Bizipozaren mezua zabaltzea, baliabideak eskuragarri jartzea eta maiatzaren 22, 23 eta 24ko ekitaldiaren berri ematea eta bertara bideratzea. Horretarako, hurrengo asteetan, alde batetik, ikastetxez ikastetxe ibiliko dira, eta, bestetik, herri aurkezpenak egingo dituzte Lekeition, Ondarroan eta Markina-Xemeinen.
Helmugak Bizipoza Jaiaren ekitaldi soziala
Maiatzak 4an, Helmugak Bizipoza Jaia aurkeztu dugu Berriatuan, Bizipoza osatzen duten koloreetan zehar bidaiatuaz eta batutako jendea kantuan eta dantzan ipiniaz.
Harrera eginez hasi dugu ekitaldia, anfitrioi lanetan hainbat lagun izanik: Porrotx eta Zapotxin pailazoak —eskusoinuaren laguntzarekin —, Bibitxa kolektiboa, Bizipoza Elkartea eta Helmugak. Ostean, Helmugak Bizipoza Jaia aurkezten eta haren inguruan jakin beharrekoak azaltzen joan gara koloreen eta abestien laguntzarekin.
Bibitxa kolektiboak aurkeztu du ekitaldia, eta Porrotxek haren lana azaldu, urdin kolorearen laguntzarekin: Zeruaren kolorea, denon teilatu eta aterpea. Horregatik da Lea-Artibai harrera herria. Beso zabalik hartzen ditugu muga guztien gainetik txoko ezberdinetatik datozkigun lagunak.
Joseba Goienola Berriatuko alkateak esan du udala pozik eta eskertuta dagoela jaia ospatzeko herriarekin kontatu delako. Gaineratu du jaiak bete-betean jotzen duela Berriatuaren izaerarekin, elkartasun herria delako, auzolanean dabilen herri bat, eta denek ahoan euskara daukatena. Balio horiek eskualdera zabalduta, Lea-Artibai mailako jaia izango dela azpimarratu du. Horia izan du bidelagun: Eguzkiaren kolorea. Berotasuna eta argia ematen dizkiguna. Familia, lagunartea, eskola, herria… ere badira gure eguzkiak.
Helmugak erronkari buruz hitz egin du Ander Txakartegik. Gogorarazi duenez, elkartea 2015etik dago martxan, eta erronken bidez ekarpen solidarioak egitea du helburu, lau baloreren inguruan: euskara, kirola, natura eta pertsona. Oraingo honetan, erronka hori Helmugak Bizipoza Jaiaren baitan izango da: maiatzaren 22an, 22:00etan hasita, Lea-Artibai eskualdeari sei buelta emango dizkiote bizikleta gainean jarrita. Berdeak lagundu dio mezua azaltzen: Naturaren koloreak. Zaindu natura eta zainduko dugu geure burua.
Bizipoza Elkartea zer den eta jaia zergatik antolatzen den azaltzeko ordua heldu da gero. Garazi Oregik gogorarazi duenez, izaera bereziko gaiak lantzen dituzten elkarteen elkartea da. Gaur egun, 39 elkarte barnebiltzen ditu, eta bost taldetan banatzen dira izaera bereziko gaiak: gaixotasunak, heriotzaren pedagogia, aniztasun funtzionala, kultur artekotasuna, genero sexu aniztasuna eta familiartekotasuna. Helburu nagusia gai horiek gizarteratu, sentsibilizatu eta eragitea dela esan du, eta horren baitan dagoela jaia. Ekimenean parte hartu dute Aspanovas eta Aspanogiko kideek ere. Haiek nabarmendu dute elkarteen baitan hainbat arlotan jasotzen duten laguntza, eta bide batez Berriatuko jairako gonbidapena egin. Argibideak emateko laranja kolorea baliatu dute: Amalurrarena. Baserritarrek sabela eta bihotza betetzen dizkigute… eta Bizipoza elkarteak muxu-bitamenez indartu.
Olatz eta Aiza bikoteak musikaz eta kantuz girotuta aurkeztu da hurrengo kolorea eta hark biltzen duen mezua. Morea: Emakumeen kolorea. Elkarrekin denona eta denontzat izango den mundua eraikitzen ari gara.
Berriatuko erraldoiak izan dira gidari hurrengo kolorea aurkezteko; gorria: Sudurgorria marrubizko muxuak, bihotza…
Amaitzeko, kolore beltza aireratu dugu, eta horrekin gau izartsua eta ametsak irudikatu, beteko ditugunak. Eta denak batuta, denon putz magikoa gehituta… ostadarra!
Maiatzaren 22tik 24ra bitarteko ekimenetan parte hartzeko gonbitearekin agurtu dugu ekitaldia. Egitarau bete-betea prestatuta, denek gozatzeko modukoa!
Helmugak Bizipoza Jaiaren herri aurkezpenak
Apirilaren 21ean Markina Xemeinen, 28an Lekeition eta 29an Ondarroan, Helmugak Bizipoza Jaia aurkeztu genuen Lea Artibaiko herritarrentzat.
Hainbat elkarte eta eragile hurreratuta gutxika-gutxika, herririk herri eta eskolarik eskola maiatzaren 22tik 24rako ekimenak aurkezten eta eskualdeko bizilagunak egitasmora batzera gonbidatzen aritu gara.
Hizlarien artean, Aspanovas elkarteko Miriam Olaetak, Aspanogiko Bittor Andonegi, Helmugak elkarteko Ander Txakartegi eta Bizipozatik Joanes eta Garazik parte hartu dugu.
LEA ARTIBAIN IKASTETXEZ IKASTETXE
Bibitxa kolektiboaren bidez, Bizipoza Eskola eta Helmugak Bizipoza Jaia aurkezten ari gara Lea-Artibaiko ikastetxeetan. Lehen hezkuntzako ikasle guztiekin eta baita irakasleekin egin da lanketa. Bigarren hezkuntzako zentroetan Aspanovas eta Aspanogiren sentsibilizazio hitzaldiak ere antolatu dira. Alde batetik, Bizipoza zer den azaldu eta jaira gonbidapena zabaldu da, eta bestetik, Bizipoza Eskolaren webguneko material didaktikoak eta edukiak azaldu.

