Bizipoza Elkartea > Bizipoza berriak > BIZIPOZA ESKOLA, LASARTE-ORIA ZIPRIZTINTZEN

BIZIPOZA ESKOLA, LASARTE-ORIA ZIPRIZTINTZEN

Lasarte-Orian, 2024 urtean elkarlana bideratu da herriko Bizipoza taldearen eta herriko ikastetxe guztien artean. Helburua, guztion artean gai eta balore guzti hauek lantzea izan da, bidea elkarrekin eginez, elkar koordinatuta eta elkar aberasten. Lehen ikasturtea izan da elkarlana bideratu duguna, eta esperientzia emankorra izan dela ikusita, datorren ikasturtean ere elkarlanean jarraitzeko asmoa dugu.

 

Elkarlanak 3 oinarri izan ditu:

1.- Porrotx pailazoak herriko ikastetxeetan Bizipozaren aurkezpenak egin ditu haurrekin: guztira 6 saio.

2.- Bizipoza Eskolako Nerea Godoy Fuentes arduradunak, Bizipoza Eskola aurkeztu die ikastetxeetako irakasleei.

3.- Herriko Bizipoza taldeak eta ikastetxeek apirilak 26ean ekimen bateratua antolatu genuen herrian.

 

PORROTX PAILAZOAK BIZIPOZAREN AURKEZPENAK EGIN DITU IKASTETXEETAN

 

Porrotx pailazoak herriko ikastetxeetan aurkezpen saioak egin zituen, guztira 6 saio.

  • 2024ko Martxoak 15ean SASOETA ikastetxean 2 saio egin ziren eta ZUMABURUN saio bat, ondorengo mailetan eta ordutegietan:
    • Sasoeta 1-2-3 mailak goizeko 9.15etatik 10.00etara
    • Sasoeta 4-5-6 mailak 10.15-11.00etara
    • Zumaburu 11.30etatik 12.15etara

 

  • LANDABERRI IKASTOLA
    • Martxoak 7an Garaikoetxeako eraikinean 3 saio egin ziren : 9:00etan LH1, 9:55 LH2 eta 11:00 HH5
IRAKASLEENTZAT BIZIPOZA ESKOLAREN AURKEZPENAK EGIN DIRA

 

Bizipoza eskola baliabidea Sasoeta Zumaburu ikastetxe eta Landaberri ikastolako irakasle guztiei aurkeztu zitzaien. Honetarako, Nerea Godoy Eskolako arduradunak Otsailak 22an Sasoeta Zumaburu ikastetxeko irakasleei egin zien aurkezpena  eta Martxoak 6ean Landaberri ikastolakoei.

Modu honetan, ikastetxeen eskura jarri da Bizipoza Eskola baliabidea. Apirilak 26ko ekimen bateratuaren aurretik, ikastetxeek baliabide honen laguntzaz hainbat gai landu dituzte haurrekin. 2024-2025 ikasturtean ere Bizipoza Eskola tresnarekin, haurrekin lanketak egitea dute helburu.

 

APIRILAK 26 EKIMEN BATERATUA :

“BIZIPOZA ESKOLA, LASARTE-ORIA ZIPRIZTINTZEN”

 

 

Bizipoza Eskolaren Zipriztindu zure ingurua leloari helduta,  Lasarte-Orian ekimen bateratua burutu zen apirilaren 26ean; herriko Bizipoza taldeak eta herriko ikastetxeek elkarrekin garatutako ekimena.

Hiru saio eraman ziren aurrera: lehena ikastetxeetako haurrekin, bigarrena herritarrekin, eta azkena, eragileekin eta herritarrekin.

1.- LANDABERRI IKASTOLA ETA SASOETA-ZUMABURU IKASTETXEKO HAURREKIN SAIOA.

Dantza, kanta, marrazkiak… Bizipozez betetako jaialdia eraman zen aurrera. Porrotx eta Marimototsek aurkeztu zuten, Euskararen Maratoiko Zortzikoteko Koro Dominguez Rodriguez, Vicky Castro Bravo eta Iñaki Etxegia Loiarte, Aspanogiko Laura Hueso eta Naizeneko Marijo Martinezek lagunduta.

 

Ikasleek bertso, marrazki edota hitzen bidez adierazi zuten zer den bizipoza beraientzat. Azken hilabeteetan lantzen aritu ziren gaia ikasgeletan, Porrotxen bisita tarteko. Ikasleek egindako marrazkiekin osatutako horma-irudiak erakutsi zizkieten Porrotx eta Marimototsi eta ondoren, Zortzikoteko kideei eman zizkieten. Bertsotan ere agertu zuten haurrek zer den beraientzat bizipoza. Beste batzuek sentipena definitzerakoan agertutako aukeretako batzuk partekatu zituzten. Gauza askotan topatu zuten haurrek bizipoza: begirada goxo bat, txakurrarekin jolastea, amonarekin paseatzea, aitonarekin sukaldatu, baratzan aritu osaba-izebekin, liburu bat irakurri, pelikula bat ikusi… Jarduerak jarduera, esaldi bakarrean hala laburbildu zuten: “Maite ditudanekin eta maite nautenekin egotea, horixe da niretzat bizipoza”.

 

2.- HERRITARREKIN EKIMENA

Bigarren hitzordua, Lasarte-Oria Zipriztindu, Askatasuna parkean gauzatu zen. Leire Elizegi Bizipoza elkarteko koordinatzaileak aurkeztu zuen ekimena albo batean, zortzikoteko kideak zituela, aurrekoei Rebeka Garzes Aldazabal eta Joxe Mari Agirretxe Kerexeta gehituta, eta bestean, Lasarte-Oriako Bizipoza taldea osatzen duten zenbat elkartetako lagun. Haiek aurkeztu aurretik, Earra bertso eskolako Arkaitzek eta Ametsek hiru bertso kantatu zituzten, bana bakarka, eta azkena, bi ahotsetan. Jarraian Antonio Mercero gunean aurrera eramandako Bizipoza Eskolaren aurkezpenean ere parte hartu zuten bi bertsolariek.

 

Arkaitz:
Bizipoza errotu denez gaur gurean, 
baietz zu harrapatu beraren sarean. 
Zein irudi ederra duguna parean, 
aldarria eta festa geltoki berean.

Amets:
Ikasgai koloretsu zein aldarri ozen, 
saiatzeko denontzat mundu bat sortzen
goiza pasa dugunez irribarrak sortzen
orain jarrai dezagun motorrak berotzen.

Biek:
Gaur arituko gara zuloz eta sarez
hizketan, elkarren entzun ta elkarri galdez
perspektiba aldatzen baldin badake
bizipoza indar ta hezkuntza lanabes
ta biek elkarrengan hartzen dute babes

 

 

 

Azken hilabeteetan herriko ikastetxeekin elkarlanean aritu direla azaldu zuen Leire Elizegik eta ordu batzuk lehenago ikastetxeekin egindako saioa “zoragarria” izan zela gehitu. Ondoren, herriko taldearen parte diren kideei eman zien hitza, beraien proiektuaren berri eman zezaten.

 

Ostadar SKTko Kirol Egokitu ataleko Ainhoa Arruti Loiarteren esanetan, beren helburu nagusia “kirolean pertsona guztien inklusioa lortzea da” eta horretarako zenbait kirol eskaintzen dituzte herrian: boccia, eslaloma, atletismoa eta multikirola. “Poliki-poliki sekzioa handitzen doa eta hogei kirolari ditugu gurekin. Animatzen zaituztegu nahi duzuenean ezagutzera”.

Jarraian, Sahararekin Elkartasuna Lasarte-Oria elkarteko Tomas Arrutik hitz egin zuen. Mendebaldeko Sahararen aldeko ekimenak aurrera eramatea xede duen taldeak bere gain hartu zuen Oporrak Bakean programa, hortaz, ahalik eta haur saharar gehien herrira ekartzeko ere lanean ari direla nabarmendu zuen.

Naizen eta Aspanogiko, Martinez eta Hueso izan ziren hurrengoak. Lehenak, haur eta gazte transexualei ikusgarritasuna ematen dihardu, “ezagutarazi eta onartzeko, bakoitza den bezalakoa izanda askatasunean bizi ahal izateko”. Bigarrenak, berriz, haur eta nerabe minbizidunen gurasoen elkartea herrian ezaguna izateak asko pozten duela adierazi zuen, eta eskerrak eman zizkien herriko haur eta irakasle guztiei. “Gaur etorri gara zuei irakasteko bizipoza eta inklusioa zer den, baina irakaspena guk jaso dugu”.

 

Azkenik, Izan Inurriko kide Sandra Barkaiztegi Navarrok hitz egin zuen. “Inurritxo bat naiz. Minbizia daukagunok elkarlanean aritzen gara elkartean, eta bakoitzaren berezitasunak kontuan hartuta, talde lanean indartu egiten gara. Lagundu eta batzuk besteongandik asko ikasten dugu, gaur zuengandik ikasi dugun bezala”.

 

 

Taldeen txanda amaituta, eta dantzarik gabe jairik ez delako, Bizipozaren kantaren doinura aritu ginen. Dantza ezagutzen zutenak besteen aurrez aurre jarri ziren zortzikoteko kideekin batera, gainerakoei pausoak erakusteko. “Lasai, badakit ez duzuela ikasi, baina kopiatu guk nola egiten dugun. Guk ez dugu oso ondo egingo, baina perfekto da soso” esanda lasaitu zituen guztiak Joxe Mari Agirretxek. Lehenengoa entsegutzat hartuta, bigarren aukera izan genuen, eta amaitzeko, Bizipozaren oihal koloretsua aterata eta beste dantza bat egin genuen.

 

 

3.- BIZIPOZA ESKOLAREN AURKEZPENA, HERRITARREKIN, ELKARTEEKIN , IKASTETXEEKIN ETA KULTUR SORTZAILEEKIN

Kalean egindako ekimena amaituta, Antonio Mercero gunean eman genion hasiera Bizipoza Eskolaren aurkezpenari. Aurreko hilabeteetan ikastetxeetan egindako lanketen ondorioz sortutako muralak presente egon ziren Antonio Mercero gunean aurkezpen guztian zehar.

Earra bertso eskolako Amets eta Arkaitz-ek eman zioten bertsotan hasiera ekimenari, eta herriko Bizipozako elkarteetako ordezkariek hartu zuten hitza hasteko.

Zipriztintzea da Bizipoza Eskolaren nahia: ingurua, norbera, besteak… Haur eta nerabeak begirada berrian hezi eta haiekin batera, helduek ere gauza bera egitea. Horretarako baliabideak eskaintzen dituen Bizipoza Eskola webgunea aurkeztu zuen Nerea Godoy Fuentes Eskolako arduradunak eta aurretik, Lasarte-Oriako Bizipoza taldearen ibilbidea azaltzen duen bideoa proiektatu zen.

Zipriztindu zure ingurua, Lasarte-Oriako esperientzia jasotzen duen bideoa:

IKUSI BIDEOA

Materialen berri eman ondoren, mahaingurua egin zen, batetik, ikastetxeak, proba pilotuan parte hartu duen Añorgako Amassorrain ikastetxea, Landaberri, Sasoeta. Zumaburu eta Oriarte Institutua; eta bestetik, elkarteak: Ttakun Kultur Elkarteak, Ostadar Inklusioa, Aspanogi, Naizen, Sahararekin Elkartasuna Lasarte-Oria eta Izan Inurri. Galdera bana bota zizkien partaideei Elizegik.

HEZKUNTZA

Nolakoa izan da zuen esperientzia?

Amasorrain ikastola – Maider

“Ohorea izan da”. “Euskaratik eta euskaraz” eta Euskal Herri osorako proiektua izatea balioetsi du, Hezkuntza alorreko gatazkak gainditu eta “ekarpen eraikitzailea” dela. Curriculumarekin bateragarri izateaz gain, gida didaktikoen malgutasuna nabarmendu zuen, baita “bermea”, elkarteak erdigunean jartzen baititu, hainbat gai jorratzeko aukera emanez. “Aniztasunaren betaurrekoak jarri eta ikuspegi  garaikide bat eman digu”.

Mundua denontzat ez dela erakusten duen adibiderik?

Landaberri – Lorea

“Ikastetxeak gizartearen isla dira”. Bost urteko gelan irakasten du eta kontatu zuenez, Inauteritan ezpainak margotzeko bat eraman zuen. “Mutilek ezin dituztela ezpainak margotu atera zen. Harritzen nau gaur egun oraindik ere komentario horiek ateratzea”. Horrez gain, duela urte batzuk fisikoki mutila izan arren neska zen ikasle bat zuten eta neska bezala tratatzen zuten. “Guraso bat etorri zitzaidan guraso bilerara esanez ea zergatik esaten genuen neska zela”. Estereotipoak puskatzeko oraindik lan handia egiteko dagoela uste du, txiki-txikitatik.

Zergatik dira garrantzitsuak proiektu hauek? Noiz txertatu beharko lirateke?

Sasoeta-Zumaburu
Oihana eta Rebeca

“Nire taldean lantzen dut ekipo bat garela. Ekipo batean bat ondo ez badago, ez du funtzionatzen”. Halaber, besteekiko errespetua. Bide horretan euskarri bat izateak, “asko laguntzen digu”.

Lehen Hezkuntza hasi dira gaiak lantzen eta “oso lagungarriak izan dira”. Beren ikasmailan heriotza landu dute, “bada gai bat askotan ez dakizula nola eutsi. Laguntza handikoa izan da”. Halakoei eusteko uneari dagokionez, uste dute beharra agertu hasi beharko litzateke lantzen, aurre hartzen. “Oso gustura” egon dira gai hori lantzen, beste ikasmaila batzuetan beste batzuk jorratu dituzte, baina beraiei kasuan “emozioak lantzeko, nola sentitzen duten beraiek heriotza adin horretan… Joko handia eman digu” eta jarraitzeko asmoa dute.

Zein toki izan dezakete halako proiektuek gazteen artean?

Oriarte institutua – Olga

“Argi dago leku berezia behar dutela”. Eskerrak eman dizkie edukiengatik, “lan izugarria iruditu zaigu” eta curriculumean, urteko planean edota dokumentuetan nola txertatu aztertzen ari dira. “Oso harro nago egin den lanaz eta gure eskuetatik pasa den jendeaz, dokumentalean eta hemen asko daude”. Batzuen ibilbidearen berri izateak, “ze lanetan ari diren eta nola inplikatzen ari diren herrian eta gizartean orokorrean, emozionatu egiten nau”. Hortaz, bide beretik lanean jarraitu behar dutela uste du. “Ez dago besterik. Hezten ari gara etorkizuneko herritarrak eta nahi dugu horrelakoak izatea, hemen ikusi ditugunak bezalakoak, eta hori horrelako gauzekin lortzen da”.

 

Material egokiak, egokituak eta euskaraz izateak zer garratzia du ?

Ttakun Kultur Elkartea – Haritz

“Eremu librea izan arren, materialak garrantzia handia du. Pentsatuta, planifikatuta, atzetik dagoen lan guzti horrekin funtzionatzen duen eremu bat da. Horretarako materiala gakoetako bat da”. Euskaraz izateak bezainbesteko garrantzia eman zion bertan sortua izateri, “hemengo beharrei erantzuteari”. Hala ere, zehaztu zuen “hemen eta han” horiek muga ere badirela. “Zein gara gu? Elkarrekin funtzionatu eta elkar ulertu nahi dugun guztiak izan gaitezke, eta hor, noski, hizkuntzak eta euskarak parte inportante bat izan beharko du”. Horrez gain, materialek bestelako ezaugarri batzuk ere izan behar dituzte: moldagarria, magua, atsegina, haurrei eta erabiliko duten guztiei erakargarri egin behar zaie… Bizipoza Eskolak aurkeztutako materialek badituztela uste du. “Ikaragarrizko lana egin da eta hori ere benetan aipatzekoa da”.

 

ELKARTEAK

Mundua denontzat ez dela erakusten duen adibiderik?

Ostadar Inklusioa – Ainhoa

Gizarteko oztopoak oraindik ere kirolean islatzen direla azaldu zuen. Adibide gisa, duela gutxi arte bere kirolariek ez zuten Atletismoan lehiatzeko aukera. “Badaude proba batzuk kirolaria norberaren marka pertsonalaren bila doana, duela gutxi arte gure kirolariei ez zitzaien aukera hori ematen, nahiz eta gero beste txapelketa batzuetan marka horiek exijitu”. Borroka handia egin behar izan dute hori aldatzeko. Hala ere, lasterketa askotan banatu egiten dituzte: “alde batetik, kirolari guztiak eta bestetik, gureak. Guk benetan eskatzen duguna da gure kirolariek gainerako kirolariekin parte hartzea. Askotan dirudielako oztopo bat direla, ez denean kasua”. Borroka egingo dute hori lortzeko.

 

Ze onura ditu antolatuta egoteak? Heziketa da bidea?

Naizen – Marijo

“Bizipoza Elkarteak eman didana da aukera ezagutzeko beste elkarte batzuk, beste pertsona batzuk, haiek ulertu, haien beharrak, beraiek gureak… Hartu-eman bat da eta denok elkarrengandik ikasten dugu. Eta gure egoera lau haizetara zabaltzeko aukera ere eman digu”. Sinetsita dago gizarte hobeago eta justuagoa lortzeko, heziketa funtsezkoa dela. “Naizenen nahi dugu gure seme-alabek aukera berak izan ditzatela, askatasunean bizitzea, onartuak izan daitezela, eta horretarako lan egin behar dugu. Heziketa da bidea. Gauzak ulertu egin behar dira, eta ulertzeko, ezagutu egin behar dira. Izena ez duena ez da existitzen. Gureak existitze dira: badaude zakildun neskak eta bulba duten mutilak”.

Erakundeek zer toki bete beharko lukete honelako ekimenen aurrean?

Sahararekin Elkartasuna Lasarte-Oria – Tomas

Bere taldeak egiten duenaren  berri eman zuen kideak eta beren helburuak erdiesteko erakundeei bi gauza eskatu dizkie: inplikazioa eta elkarlana. “Erakundeei eskatu beharko genieke diruz babesteko proiektua, eta baita ere inplikazioa. Kanpaina bat egitea, gure kasuan gure herrian, eta elkarlanean aritzea harrera familiak aurkitzeko”.

 

Elkarrekin, komunitatean aritzea, garrantzitsua da. Noiz egin behar genuke: beharra dugunean? Aurretik? 

Aspanogi – Laura

Aspanogiko kideak eskoletara, hitzaldiak ematera… askotan joaten direla argitu zuen kideak. “Jasotzen ditugun emaitzak harrigarriak dira”. Hori beraien erralitata bada ere, beste elkarte batzuk ez dira hain hunkigarriak. “Umeen minbiziak bihotza ukitzen du, baina beste batzuk ez dira hain ikusgai horretarako oso interesgarria eta inportantea da denon artean lan egitea, laguntzea eta denon babesa sentitzea”. Elkarlanaren garrantzia azalduta, uneari heldu zion. “Egin behar da arazoa ikusi baino lehen, bestela urgentziaz aritzen gara eta baliabideak ez dira behar bezala erabiltzen. Horretarako haurren lana oso garrantzitsua da eta egiten ari zareten guztia, mundiala”.

 

Elkarte bat sortzeak zer aportatu dizue?

Izan Inurri – Sandra

Pertsonaletik erantzun zion galderari. Minbiziak berari eta bere ondokoei beldurra eragin bazien, Iñurrik horrek kanpotik bidelagun izatea, laguntza eta gauzak naturaltasunez aurrera eraman ahal izatea eman dio. “Indartu nau ni eta nire inguru osoa”. Horrez gain, gaitzaren ondoren gorputza nola aldatu den onartzen ere lagundu dio. Bularreko minbizia izan zuen eta titibakar izatea erabaki zuen, ez zuela beste bide bat hartuko. “Zure gaixotasunaren protagonista zu zarenez, erabaki horren protagonista ere zu zara eta edozein erabaki ondo dago. Bakoitzak daukagu erabakia hartzeko eskubidea”. Eta horrekin batera, epairik gabeko lagun talde bat izatea ere eman dio. Halaber, minbizia nahiko tabua denez, hori eraldatzen ahalegintzen dira, mahai ganean jartzen dakarren guztia, dituen ondorioak eta hori nola landu

 

 

Txandak bukatuta, Joxe Mari Agirretxek mikroa hartu eta bertaratutakoei galderak egin zizkien. Sortutako giroaren ildotik, emozio handiko hitzak entzun ziren, bizipenetatik askotan.. Mikrofono irekiaren erronda amaituta, Maialen Aristegi abeslariak  emozionatu zituen mahai ingurura bertaratutakoak, Bilatu gabe aurkitutakoak abestia interpretatuta. Horren aurretik, bertso eder bat abestu zuen Oihan Navarrok.

Bukatzeko, Antonio Merceron bildutako guztiek talde argazki bat atera genuen, elkarrekin eta saretuta mundu hobe baten alde lan egitea posible dela irudikatzeko.

  • Argazkiak: Txintxarri aldizkaria eta Isaac Farré

 

  • Prentsan argitaratutakoak:

https://txintxarri.eus/lasarte-oria/1713261435478-lasarte-oria-zipriztinduko-du-bizipoza-elkarteak-hilaren-26an-jaialdi-batekin

 

https://www.diariovasco.com/buruntzaldea/lasarte/bizipoza-eskola-hezkuntza-inklusiboaren-inguruko-proiektua-aurkeztuko-20240415211659-nt.html

 

https://www.diariovasco.com/buruntzaldea/lasarte/diversidad-inclusion-localidad-colorido-animado-festival-bizipoza-20240428201945-nt.html

 

https://txintxarri.eus/lasarte-oria/1714234725155-bizipoza-jaialdia-iruditan

 

https://txintxarri.eus/lasarte-oria/1714145558531-bizipoza-hedatu-dute-herrian-barrena?s=09

  • Lasarte-Oriako Bizipoza taldearen ibilbidea jasotzen duen bideoa:

https://www.youtube.com/watch?v=Ane_AbMnw9w&t=5s

Egilea: bizipoza