BIZIPOZAK EGIAKO IKASTETXEAK BATU DITU
Bizipoza festa bikaina ospatu dugu Egiako ikastetxeek apirilaren 11 goizean. Maria Reinak, Presentación de Maríak, Lauaizeta Institutuak eta Aitor Ikastolak ia 400 ikasle elkartu dituzte, giro ezinhobean.
Goizeko 9:30etan abiatu da festa, eta 6-16 urte bitarteko gaztetxoak elkartu dira hamaika jarduera egiteko: hormairudi margoketa, lurreko margoketa artistikoa, karaokea, dantza erakustaldiak eta bertsoak egin dituzte, besteak beste.
Denen artean gogoratu dute jatorri eta kultur aniztasunean bizitzearen balioa, eta musika eta jaigiroan gozatuz, euskaraz bizitzeko aldarria ere zabaldu dute.
Lehen edizioa izan da, eta eskolen arteko elkarlana eta harremanak oso baliotsuak izan direla adierazi dute ikastetxeek. Sarean, harremanak sendotzea eta ikasleen elkar-ezagutza bultzatzea izan da proiektuaren xedeetako bat.
Une bereziki hunkigarria izan da Lauaizetako EUSLE taldeko ikasleek (kanpotik etorri berri diren ikasleak), euskaraz ikasteko egin duten apustua adierazi dutenean. Pakistan, Senegal, Honduras, Ukraniatik iritsi berri diren kideek euskaraz agurtu dituzte ikas-taldeak eta euskaraz ikasten jarraitzeko konpromisoa adierazi dute. Kideen txalo eta animoak ere jaso dituzte.
Eguerdi aldean, herri kiroletaz gozatzeko abagunea ere izan dute, Lauaizetako kideek antolatua eta ikasle nagusienek gidatuak. Aurpegi margoketak ere arrakasta itzela izan du eta ttiki zein gaztetxoek marraztu dute BIZIPOZAren ikurra haien aurpegietan.
Bizipoza festa bikaina izan da, eta aurrera begira ere Bizipoza ekimenak Egian jarraitzeko aukera aztertuko dute.