Hemen da Bizipoza Eskola! Zipriztindu zaitez!
Hezkuntza arautuan, ez-arautuan zein herrigintzan erabili ahal izateko gida didaktikoak eta material osagarriak bildu ditugu bizipozaeskola.eus webgunean. Adin eta maila guztietara irekia, koloretako betaurrekoak jantzi eta norbera eta norbere ingurua zipriztintzeko gonbidapena luzatu nahi dizuegu.
Denona eta denontzat izango den Euskal Herria eraikitzeko bidean, behar bati erantzutera dator gaur aurkeztu dugun Bizipoza Eskola: Hezkuntza inklusiboa. Hezkuntzaren eta Bizipoza elkartearen arteko harremana aspalditik dator eta ekarpen praktiko bezain garrantzitsu eta beharrezkoa egitera dator Bizipoza Eskola.
Gaur aurkeztu dugu egitasmoa Elgoibarko Danobatgroup-en egoitzan. Izan ere, Danobatgroupek gizarte erantzukizunarekin lotutako proiektuak bultzatzeko duen Elkarrekin Eragin programari esker finantzatu da proiektu guztia. Bertan parte hartu dute Bizipozako talde eragileko kideek, Leire Elizegi Beloki Bizipozako koordinatzaileak, Jose Antonio Hidalgo Danobatgroup-eko lehendakariordeak, Nerea Godoy Fuentes Bizipoza Eskolako koordinatzaileak eta proiektuaren proba pilotuetan parte hartu duten Amassorrain ikastola eta Aratz ikastola ikastetxeek eta Hilargi, Arnasa eta Gure Señeak elkarteetako kideek.
Jose Antonio Hidalgo Danobatgroup-eko lehendakariordeak adierazi duenez, “pertsonengan oinarritzen den proiektu sozio-enpresarial bat izanik, guretzat ezinbestekoa da inklusioa eta izaera bereziko gaiak lantzen dituen Bizipoza bezalako elkarte bati baliabideak eskaintzea”.
Eta gaurko agerraldia aprobetxatu nahi izan dugu azken urteetan Euskal Herriko kooperatiba eta enpresa ezberdinek egunerokoan egindako ekarpena eta babesletza ekonomikoa eskertzeko ere. Enpresa asko izan dira 2017az geroztik Bizipoza elkartearen proiektu ezberdinetan inbertsio ekonomikoak egin dituztenak, horien artean, Irizar, Orona, Kutxa Fundazioa, Fagor, Maier, Talleres Mitxelena, Laboral Kutxa, Mondragon Lingua S. Coop, BBK Fundazioa, Caixabank eta LagunAro, eta urtero Bizipoza jaia babestu duten hainbat enpresa eta kooperatiba. Guztira 1.400.000 euro inguruko inbertsioa egin dute guztien artean, Bizipoza proiektuaren % 85a.
Eta eskertza berezia egin diogu Danobatgroup-i, % 85eko ekarpen horretatik % 33ko ekarpena beraien eskutik etorri baita. Azken urteetan hainbat proiektu sortu eta finantzatu dira eurei esker eta baita gaur aurkeztu dugun Bizipoza Eskola ere. “Proiektu hau garatzeko 3 urtetako lana babestu duzue eta, beraz, uste dugu toki egokiena dela gaur aurkezpen hau egiteko”, adierazi du Leire Elizegi Belokik.
Zergatik sortzen da Bizipoza eskola?
“Elkarteak sortzen diren arrazoi berdinagatik. Behar bat dago. Badaude haur eta familien eskubide batzuk bete gabe daudenak eta horren aurrean familiak edo norbanakoak elkartu egiten dira horri aurre egiteko. Guk gauza bera egin dugu. Gai ezberdinetan aritu eta adituak bildu ditugu eta gida hauek sortu ditugu elkarrekin, Bizipozaren baloreekin zipriztintzeko norbera eta bere ingurukoak”, azaldu du Nerea Godoy Fuentesek.
Webgunean hainbat material bildu ditugu: gida didaktikoak, material osagarriak eta egutegia. Horiei esker, gai ezberdinak landu ahal izango ditugu: Norbere buruaren ezagutza eta taldekidetasuna; genero rolak, identitatea eta transexualitatea; familia aniztasuna eta sexu orientazioa; heriotza; kulturaniztasuna; aniztasun funtzionala; gaixotasunak; eta boluntariotza.
GIDA DIDAKTIKOAK
Gai horiek guztiak hezkuntza arautuko hainbat mailatara bideratu ditugu: HH, gela egonkorra, LH, DBH eta goi mailako hezkuntza. Hezkuntza ez-arautuan, berriz, hizkuntza-mailaren arabera sailkatu ditugu gida didaktikoak. Maila guztietarako gai berdinak proposatu ditugu baina hizkuntza-maila bakoitzera egokitzen da jarduera oro.
Gure proposamena irekia da norberak bere testuingurura egokitu dezan. Jarduerak egokitzen dira Nafarroako eskola txiki batera nahiz Bilbo erdiguneko ikastola handi batera. Izan ere, Euskal Herriko lurralde guztietan 8 ikastetxerekin eta Leioako EHUko magisteritza eskolarekin proba pilotoak burutu ditugu. Horretaz gain, herrietan, aisialdi talde, euskaltegi eta beste hainbat eremutan ere bai.
Herrigintza atalari dagokionez, Euskal Herriko herri eta auzoetan Bizipoza dinamikak sortzeko baliabideak aurki daitezke. Adibide gisa, Lasarte-Oria herrian eta Bilboko Uribarri auzoan garatutako adibideak aurki ditzakegu webgunean.
MATERIAL OSAGARRIA
Hona hemen webgunean aurki daitekeen material osagarria:
Gida didaktiko eta material sorta handi honen aurrean, Bizipoza Eskola webguneak filtro bidezko bilaketa egiteko aukera dakar, erabiltzaileari bere testuinguruarekin bat doan jarduera aurkitzea errazteko asmoz.
EGUTEGIA
Egutegiak elkarteen nazioarteko egunak jasotzen ditu, Eñaut Aiartzaguena Bravoren ilustrazioak eta Amets Arzallus hausnarketarako esaldiekin. Adibidez, abenduarekin batera honako esaldia aurkituko dugu: “Euskara da gure azalaren kolorea”.
Aurkezpenak lurraldeka
Bizipoza Eskolak Euskal Herri osoa zipriztindu dezan, datozen hilabeteetan aurkezpenak egingo ditugu lurraldez lurralde.
Otsailak 14: Kafe Antzokia. Bilbo. 18:00etan.
Otsailak 21: Montehermosoko Betolaza aretoa. Gasteiz. 18:00etan.
Otsailak 28: San Telmo museoa. Donostia. 18:00etan.
Martxoak 13: Kondestable jauregia. Iruñea. 18:00etan.
Martxoan (zehazteke). Lapurdi.