Bizipozaren 10. Jardunaldiak aurkeztu dira Usurbilen:
“Nola kokatu haurren eskubideak erdigunean? Eta errealitate bihurtu?”
Usurbil, 2026ko azaroak 6.

Bizipozaren 10. Jardunaldiak Usurbilen eta Bilbon ospatuko dira, haurren eskubideak eta haien bizi-proiektuak erdigunean jartzeko helburuarekin.
Gaur, Bizipozak 10. Jardunaldiak aurkeztu ditu, «Nola kokatu haurren eskubideak erdigunean? Eta errealitate bihurtu?» lelopean. Jardunaldiak bi egunetan egingo dira: azaroaren 21ean, Usurbilgo Sutegi Aretoan, 9:30etik 13:30era, eta azaroaren 28an, Bilboko La Bolsa eraikinean, 9:30etik 13:30era ere bai.
Prentsaurrekoa Usurbilgo Potxoenean egin da, eta bertan, Agurtzane Solaberrietak (Usurbilgo Alkatea), Garazi Oregik (Bizipozako Langilea), Amaia Irazustak (Pausoka elkarteko kidea), eta Felix Arrietak (Gizarte-zerbitzuetan aditua) parte hartu dute.
Bizipozak, bere hirugarren helburu estrategikoaren barruan, eragitea, haurren oinarrizko eskubideen inguruko lanketa abiatu zuen urtarrilean. Prozesu horren helburua da haur guztien eskubideak bermatzeko dauden hutsuneak identifikatzea eta horiei erantzuteko proposamenak lantzea.
Haurren eskubideak bermatzea funtsezkoa da haur guztiek beren bizitza-planak garatzeko aukera izan dezaten. Eskubide horiek ez dira legeetan aitortuta egotearekin bakarrik bermatzen; eguneroko bizitzan ere gauzatu behar dira, haur guztiek beren beharrak asetzeko, bizi-proiektuak garatzeko eta gizartean parte hartzeko aukera izan dezaten.
Hori lortzeko, ezinbestekoa da elkarteek, familiek, hezkuntza-komunitateak eta instituzioek elkarlanean jardutea. Bizipozako elkarteek beren eguneroko esperientziatik ezagutzen dituzte haurrek eta familiek aurkitzen dituzten zailtasun asko. Jardunaldien bidez, esperientzia horiek partekatu, egoera desberdinak aztertu eta haurren eskubideak errealitate bihurtzeko tresnak eta proposamenak lantzea da helburua.
Jardunaldiek, beraz, hausnarketarako eta elkarlanerako guneak eskainiko dituzte, haurren eskubideen inguruko begirada zabaldu eta eragiteko bideak elkarrekin eraikitzeko.
Bi jardunaldi, helburu bera
Usurbilgo jardunaldian, lehenengo zatian, Felix Arrieta, Peio Manterola (Hezkuntza Histoian aditua), Nagore Garcia de Andoin (Haur-onkologoa) eta Zelai Nikolas (Legelaria) izango dira. Bigarren zatian, elkarteen esperientziak eta ikuspegiak ezagutzeko, Ndank Ndank, Pausoka, Hil Argi, Ume Alaia, eta Aspanogi elkarteek hartuko dute parte.
Bilboko jardunaldian, lehenengo zatian, Felix Arrieta, Peio Manterola eta Zelai Nikolas izango dira berriro, eta Nerea Godoy (Hezitzailea) ere bertan izango da. Bigarren zatian, berriz, Kale Dor Kayiko, Gure Señeak, Esku Hutsik, Naizen, eta Aspanovas elkarteak izango ditugu.
Bi topaketetan, haurren eskubideen inguruko kontzeptualizazioa, hausnarketa eta elkarteen esperientziak uztartuko dira, eskubideak bermatzeko dauden erronkak identifikatu eta aurrera egiteko proposamenak partekatzeko.
Agurtzane Solabarrieta, Usurbilgo Alkatea
Agurtzane Solaberrieta Usurbilgo Alkateak Azaroak 20ean Haurren eskubideen nazioarteko eguna dela adierazi du eta egun honen ingurukoak partekatu ditu. Aurtengo jardunaldia egun horrekin lotuta baitago.
“Usurbilgo udalarentzat plazera eta ohorea da Usurbil Bizipoza jardunaldien topaleku izatea. Oker ez banago aurtengoa, bosgarren edizioa izango da Usurbilen antolatzen dena.
“Eta ulertzen dut Usurbilgo hezkuntza komunitate zabalarentzat eta, oro har, usurbildarrentzat aukera bat direla topaketok, azken batean bertan lantzen diren gaiak oso interesgarriak eta gaurkotasun handikoak direlako, eta, ondorioz, herrian bertan halako hausnarketa eta ikasketa guneak izatea, aukera bat dira.
Aurten landuko den gaiak gaurkotasunik baduela esango nuke: “Nola kokatu haurren eskubideak erdigunean? Eta errealitate bihurtu?”
Era berean, Azaroak 30ean Herri hezitzaileen nazioarteko eguna da. Oinherrik deialdia luzatu du egun horretan ekimenak egitekoa, eta Garazi Oregi Bizipozako ordezkariak adierazi du Bizipozako jardunaldietan bat egingo dutela Oinherriren deialdiarekin: azaroak 21 eta 28ko jardunaldien hamaiketako momentuan soka dantza egingo dutela adierazi du.
Agurtzane alkateak ere gaineratu ditu ondorengoak: “Usurbilek herri estrategia oso bat jarri zuen martxan zaintza eraldatzeko. Hala, urte hauetako lanketa kolektiboak ahalbideratu du pertsonak ardatz dituen zaintza komunitarioaren inplementazioan aurrera urratsak egitea.
Alkateak esan moduan “ Udaletik egin daitekeenaz harago asko dela komunitateak egin dezakeen ekarpena herrikideen ongizate komunitarioa lortzeko. Guk argi daukagu zaintza, ongizatea eta komunitatearen parte izatea elkar lotuta dauden 3 aldagai direla. Azken batean, komunitate bateko kide izateak ondo sentiarazten gaituelako guztioi eta hori da zaintzarako berme nagusia.
Urteotan ikasitakoa eta pilatutako ezagutza eta esperientzia handia da, eta ikasbide hauek guztiak haurren eremura eraman beharrean gaudela argi dut, Usurbilgo herritar guztiak direlako eskubide osozko herritar, eta, ondorioz, baita haurrak ere, eta udalari dagokio denei bizitza duina eta bizigarria ahalbidetzea. Beraz, zaintza eredu zatikatuak eta isolatuak, uharteen gisan, izatetik zaintza ekosistema integral, publiko eta komunitariora igarotzeko trantsizioa prestatu beharko genuke, zaintza beharra duten herrikide ororen beharrei begirada eta arreta eredu beretik erantzuteko.”
Amaia Irazusta, Pausoka elkarteko kidea
Amaiak eskerrak eman dizkio Usurbilgo Udalari eta Bizipozari. Udala “etxea” bidelaguna dela adierazi du eta Bizipoza bozgorailua eta hauspoa.
“Konsziente izatea zer den eskubidea garrantzitsua da” gaineratu du, batzuetan eskubideak eta pribilejioak nahasten baititugu bere ustetan.
Jardunaldietan ikusiko den bezala, adierazi du elkarte bakoitzak lantzen duen gaia desberdina izanda ere, “eskubideak lortzeko zailtasuna berdina dela eta eman beharreko pausoak berdinak direla” Batera egin behar dela bidea adierazi du.
Felix Arrieta, Deustuko Unibertsitateko Giza eta Gizarte Zientzietako fakultateko irakaslea
Felix-ek ere adierazi du Usurbil herria “etxe” sentitzen duela eta eskerrak eman dizkie Udalari eta Bizipozari.
Bere hitzetan “Esperientzia asko daude herri mailan, toki mailatik hasi behar dira eraldaketak.”
Sistemak oraindik erronka asko dauzkala pertsona erdigunean jartzeko adierazi du, erronka asko dauzkala pertsonari gauzak errezteko eta haur eta nerabeen eskubideak bermatzeko .
“Eskubideak bermatze horretan , nola egin dezakegun Usurbilen hain ondo inplementatutako begirada ekosistemiko hori, batzen dituenak errekurso publikoak eta baita errekurso komunitarioak,adin txikikoengana ere iristeko.”adierazi du. Hau da, “begirada publiko komunitario horrek adin txikikoengana ere iritsi dadin eta iritsi dadin benetan elkarteek mahai gainean jartzen duten logika horren bitartez.”
Bukatzeko, prentsaurrekoan parte hartu dutenek, bertaratzeko gonbita luzatu dute interesa duen edonori.
Jardunaldien informazioa
Usurbil
Bilbo
Gaia: Nola kokatu haurren eskubideak erdigunean? Eta errealitate bihurtu?
Izen-ematea: www.labur.eus/bizipoza10