2024ko azaroaren 16an ospatu zen Usurbilgo Sutegi Aretoan Bizipozaren VIII. Jardunaldia. Arrazakeriaren gaia izan zen aurtengo jardunaldirako aukeratutakoa. 60 bat lagun bertaratu ziren izen eman zutenen eta gonbidatuen artean eta goiza elkarrekin gozatuz eta partekatuz pasa zuten.
Batzuetan zatituta dirudien mundu honetan, BIZIPOZATIK ARRAZAKERIA DESERAIKITZEN jardunaldia haize freskoa izan zen bertaratu diren guztientzat, hitzek, emozioek eta koloreek bat egin bait zuten zubiak eraikitzeko. Bizitako esperientziekin, besarkada partekatuekin eta mezu argi batekin: arrazakeria gizatasunetik, adimenetik eta itxaropenetik deseraikitzen da.
Amagoia Mujika izan genuen saioaren aurkezle eta dinamizatzaile goizean zehar, eta berak aurkeztu zituen gure lehen hizlariak. Usurbilgo alkate den Agurtzane Solaberrieta Mesa eta Bizipozatik Nerea Godoy.
Agurtzanek, beti bezala, bere esker ona eta ohorea goraipatuz, herri anitzak dituen erronka eta gakoiei aurre egiteko martxan jarri diren pausuez hitz egin zuen. “Usurbilen urteak daramatzagu herri zaintzaile baten ortzimugan lanean, eta, nekez, izan gaitezke herri zaintzaile bat, harrera herria ez bagara. Hala, jatorri ezberdinetatik geurera datozen pertsonen harrera integrala bermatu asmoz, hainbat ekimen abiatu ditugu, besteak beste, harrera zerbitzua eta HarEman programa, etorri berrien integrazio komunitarioa lortzea helburu duen programa. Iaz abiatu genuen 12 lagunekin, eta balorazioa ezin hobea da. Euren esanetan, etorri berritan bakarrik zeuden, eta, orain beste usurbildar bat gehiago sentitzen dira.” Argi dago harrera herri izateko hautua egina dutela eta gu ere oso zainduak sentitu garela urtez urte Usurbilekin hartu emanean. Berak esan bezala, “Nahiko nuke, beraz, Usurbilen eroso eta gustura sentitzea. Gure herria zuen etxea izatea, Bizipozaren herria izatea, eta nahi nuke, marka hori, gurekin batera eramatea aurrerantzean. Hala balitz, gu oso pozik geundeke. Ongi-etorriak Usurbilera, eta gozatu egunaz!” eta halaxe egin genuen bai, elkarrekin errespetuz entzunez elkar entzunez denona eta denontzat izango den Euskal Herri baten eraikuntzan pauso txikiak ematen jarraitu. Mila esker beraz, Usurbilgo herriari eta batez ere bertan jardunean sentitu zaituztegun Agurtzane Solabarrietari zure harreta eta eskuzabaltasunagatik eta Josu Errekondori tekniko lanetan eta tentuz emandako kariñoagatik.
Nerea Godoyk, Bizipozako eta Sanfilippo elkarteko ordezkari gisa, ere izan zuen bertaratutakoei eta antolakuntzari eskerrak emateko tartea.
Vorigii Bita eta Eli Dominguezen hitzen indarrarekin hasi zen jardunaldia, egiaz eta ausardiaz beterik. Egunerokotasunean sortzen den arrazakeriaz hitz egin zuten, hesi ikusgarri eta ikusezinez, baina baita erresistentziaz ere, pertsonak elkartzen direnean sortzen diren garaipen txiki eta handiez. Identitate anitzak, eskoletako begirada, ekinez eta eginez daramaten jarduna egunerokotasunean jazarpenak gutxitu daitezen. Gure ardura da harrera herri izatea eta gure ardura da deseraikitze prozesu horretan aurrera pausuak ematea. Argi utzi zuten “euskarak ez duela jaberik” eta denok dugula euskaldun izateko eskubidea.
Ondoren bizipenen unea iritsi zen, Mamadou Sarr Diame, Oihana Fernández de Barrena, Amane Mei Otaegi, Antonio Dual eta Itziar Larrinagak euren istorioak partekatu zituzten espazio intimo batean. Denbora geldituko balitz bezala izan zen: testigantza bakoitzak zubi bat eraiki zuen, hitz bakoitzak gogoeta egitera eta bizitzari beste begi batzuekin begiratzera gonbidatu zituen bertaratu zen oro. Konexiorako unea izan zen eta argi geratu da aldetarako lehen pausua besteak entzutean datorrela.
Etenaldia ez zen atsedenaldi hutsa izan, ospakizuna baizik. Bertaratutakoek hitz egiteko, iritziak partekatzeko eta saioan sortutako loturak indartzeko aprobetxatu zuten. Bakoitzaren istorioak bakarrak diren arren, mundu bidezkoago eta gizatiarrago bat eraikitzeko nahia arrunta denona dela ohartzeko.
Ondoren HIZKUNTZA ETA KULTURARTEKOTASUNA HEZKUNTZA KOMUNITATEAN proiektuarekin jarraitu zuen jardunaldiak. Kulturartekotasunak eta hizkuntza-aniztasunak ikasgelak ikusiak eta baloratuak sentitzen diren leku bihur ditzaketela erakutsi zuena. Zaldibiako esperientzia eredu izan zen, argi utziz hezkuntza tresna indartsua izan daitekeela gizarte inklusiboagoa eraikitzeko.
Goiza Maitane Arnoso eta Leire Amenabarren hitzekin amaitu zen. Bere gogoetek, eguneko ikaskuntzak laburbiltzeaz gain, itxaropen-txinparta bat utzi zuten oraingo bihotz bakoitzean. Izan ere, arrazakeria desmuntatzea ez da egun bateko lana, baina horrelako jardunaldiek erakusten dute, urratsez urrats, posible dela gizarte justuago eta kontzienteago baterako bidea eraikitzea.
Eta, beti bezala, Bizipozak kolorez eta alaitasunez bete nahi izan zuen eguna. Joxe Mari Agirretxek hartu zuen azkenekoz mikrofonoa eta etorri zirenei eman zitzaien aukera beren gogoetak bertaratutakoekin partekatzeko. Hau amaitutakoan, globoen jolasa egin genuen irriz, kantuz eta alai denok etxerako bidea hartzeko.
TaPuntu kooperatibarekin eta Ndank Ndank elkartearekin elkarlanean eraman dugu Bizipoza Eskolaren proiektua aurrera, estetika ere haiekin batera landu dugularik.
Ndank Ndank Elkarteari esker, Wax oihalekin egindako eskumuturrekoak eta pinak jaso zituzten, aniztasunaren eta erresistentziaren ikur. Eta baita Sara Etxeberriak “Basoko maxuxta” jardunaldian zehar egindako ilustrazioa ere. Opari txiki hauek, esanahiz beteak, aldaketa egunero egiten diren keinu txikiekin eraikitzen dela gogorarazteko. Bizipozako betaurreko erraldoiak ere bertan ziren oihal hauekin bilduta, jardunaldira betaurrekoak jantzita eta erregulatzeko prest sar zedin jendea.
BIZIPOZATIK ARRAZAKERIA DESERAIKITZEN jardunaldi bat baino askoz gehiago izan zen: besarkada kolektiboa izan zen, aniztasunari egindako kantua, eta elkarrekin mundua eraldatu dezakegula gogoraraztea, maitasunetik, enpatiatik eta ekintzatik abiatuta.