Bizipozaren IX. Jardunaldia aurkeztu dugu Usurbilen:
“Heriotzaren Pedagogia, begirada berri bat, beldurretik maitasunera”
Usurbil, 2025eko urriak 22.
Bizipozak eta Hil Argi elkarteak aurkeztu ditugu gaur goizean Bizipozaren IX. Jardunaldiak, “Heriotzaren Pedagogia, begirada berri bat, beldurretik maitasunera” lelopean. Jardunaldiak azaroaren 8an egingo dira Usurbilgo Sutegi Aretoan, 9:30etik aurrera, eta Usurbilgo Udalaren laguntzarekin antolatu dira.
Prentsaurrekoa Usurbilgo kiroldegian izan da, eta bertan parte hartu dute Agurtzane Solaberrieta Usurbilgo alkateak, Nere Erkiaga Hil Argi elkarteko kideak, Julene Illarramendi Iñurri elkarteko ordezkariak, Iñaki Etxaniz Gainzuri ikastetxeko irakasleak eta Bizipozako ordezkari Eli Olaizolak.
Agurtzane Solaberrietak azpimarratu du Usurbil “zaintzen duen herria” izateko bidean ari dela lanean, eta horrek heriotzaren inguruko hausnarketa pedagogikoa egitea ere eskatzen duela:
“Heriotza bizitzaren parte bezala normalizatu behar dugu, bai hezkuntza komunitatean, bai gizartean oro har. Horrek aukera ematen digu heriotzaren inguruko kultura osasuntsuago bat eraikitzeko, herritarrak ahalduntzeko bidean.”
Alkateak aurreratu du, gainera, udala Bizipozarekin elkarlan berezi batean ari dela, “heriotzaren pedagogian baliabideak eskainiko dituen proiektu integral bat” garatzeko, eta laster emango dituztela horren inguruko xehetasun gehiago.
Bizipozaren izenean, Eli Olaizolak nabarmendu du jardunaldien helburua elkarteetan lantzen diren gaien inguruko hausnarketarako txoko goxo bat eskaintzea dela:
“Bizipozan garrantzitsua iruditzen zaigu gure elkarteetan lantzen diren gaiak gizarteratzea. Aurten Hil Argi elkartearekin elkarlanean heriotzaren gaia jorratuko dugu, beldurretik maitasunera begirada bat eskainiz.”
Nere Erkiagak azaldu du “Heriotzaren Pedagogia” kontzeptuak hezkuntza eta bizitzaren ikuspegitik doluaren eta heriotzaren lanketa ahalbidetu nahi duela, eta jardunaldian horretarako tresnak eta esperientziak partekatuko direla.
Egitaraua bi zati nagusitan banatuko da, lehenengoan “Heriotzaren pedagogia ikastetxeetan” nola txertatu duten, zergatik eta esperientzia praktikoak ezagutuko ditugu. Horren inguruan Allende Salazar Herri Eskola (Gernika-Lumo), Gainzuri Ikastetxea (Urretxu-Zumarraga), Amassorrain Ikastola (Añorga, Donostia) eta Antzuolako Eskolako familia bat (Erkuden Iglesias, Araneren ama) arituko dira.
Saioa Nere Erkiagak moderatuko du.
Hamaiketako ondoren, 12:00etan elkarteek mahai inguru bat eskainiko digute: “Heriotzaren pedagogiak zertan lagundu dezake gure elkarteetan?”, Amaia Agirre moderatzaile dela. Zati honetan Aspanogi, Iñurri, Naizen eta Txatxilipurdi elkarteek hartuko dute parte.
Julene Illarramendi (Iñurri elkartea) eta Iñaki Etxaniz (Gainzuri ikastetxea) izango dira jardunaldian parte hartuko dutenen artean, elkarteen errealitatea eta hezkuntza arloko ikuspegia ekarriz.
Julenek adierazi duen bezala “Iñurri heriotza batetik sortu zen. Miña transformatu da eta Iñurri sortu da.” “Nola landu heriotzaren gaia umeekin galderarekin gerturatzen dira emakume batzuk Iñurrira.”
Iñakik azkenik, honakoak adierazi ditu: “hezkuntzan gaia nahiko tabu izan da, gaia naturalizatu behar da, ikastetxeetan ere honetan gabiltza.” “Ikastetxeen ahotsa jardunaldian egongo da”.
Bukatzeko, prentsaurrekoan parte hartu dutenek, bertaratzeko gonbita luzatu dute interesa duen edonori.
Bizipozak eskerrak eman dizkie Usurbilgo Udalari, Kutxa Fundazioari, Irizarri, Orona Fundazioari, Mitxelena Kooperatibari, LagunAro, Maier eta Gipuzkoako Foru Aldundiari emandako babesagatik.
Data: Azaroak 8, 9:30ean
Lekua: Sutegi Aretoa, Usurbil
Gaia: Heriotzaren Pedagogia, begirada berri bat, beldurretik maitasunera
Izen-ematea: www.labur.eus/bizipoza9
Jardunaldiaren egitaraua jasotzen duen kartela hemen
Prentsaurrekoko argazkiak hemen