Bizipoza Elkartea > Bizipoza berriak > ANIZTASUNAREN ERDIGUNE IZAN DA ATSEGINDEGI, BIZIPOZA JAIAREKIN

ANIZTASUNAREN ERDIGUNE IZAN DA ATSEGINDEGI, BIZIPOZA JAIAREKIN

Eguraldi petrala izan arren, herritar eta familia askok eta askok gozatu dute egitarau oparoaz Hernanin, eta aho zapore ezin gozoagoa utzi du festak. Bizipoza osatzen duten elkarteak izan dira protagonista.

Aniztasunaren festa erraldoia. Horrelakoxea izan zen Bizipoza Jaia Hernanin, joan den larunbatean (apirilak 27), bertaratu ziren milaka herritar eta familien partehartzearekin. Eguraldi petralak ezin izan zuen zapuztu antolatzaileen eta laguntzaileen ilusioa eta gogoa, eta aho zapore ezin gozoarekin amaitu zen eguna, jendearen erantzunarekin.

 

Apirilak 26an eman genion hasiera jaialdiari. Herriko ikastetxeak Gudarien Plazan bildu ziren eta “Badator Bizipoza” ospatu genuen elkarrekin. Giro lasai eta goxoan Leire Bilbaok Bizipozari idatzitako poema irakurri zuten ikastetxe bakoitzeko ikasleek eta Zapotxin pailazoak, Pausoka eta Super H Elkarteko Amaia eta Josebarekin haur eta gaztetxoei jaialdirako gonbidapena egin zitzaien.

 

Apirilak 27an, Atsegindegi izan zen festaren erdigunea, bertara mugitu genituen ekintza guztiak, eguraldiaren eraginez. Eta lepo bete zen plaza, goizetik iluntzera bitarte, ekintzaz ekintza. Bizipoza osatzen duten elkarteak izan ziren protagonista, uneoro. Bakoitzak jarri zuen bere postua, elkarteari buruzko informazioa emateko bertaratuei. Baina postuetatik taula gainera ere eraman zuten haien jarduna. Zapotxin, Porrotx eta Marimotots pailazoen ikuskizunean, esaterako, elkarte bakoitzeko ordezkariak igo ziren taula gainera txandaka, eta azaldu zuten zer den Bizipoza haientzat: guztiek partekatu zuten beraien bizipoza.

 

Magiak ere egin zuen bere lana taula gainean, aniztasunerako bidean. Poltsa batean sartu zituzten koloretako zapiak, eta ortzadarra atera zen bertatik. Hura bezain koloretsuak izan ziren eguneko ekintza guztiak. Herburu konpainiako erraldoi eta buruhaundiek zoramena eragin zuten haur eta gaztetxoen artean, eta Doberaren Euskal Tonbolak 130 sari banatu zituen. Hainbeste jende gerturatu zen jokatzera, saririk gabe geratu zirela asko, hain opari sorta oparoarekin ere.

 

‘Go!azen’eko lagunek, Ttarlako dantzariek, Hernaniko Musika Eskolako trikiltilariek, Kanika Aisialdi Taldeko kideek, Aratz Ikastolak, Hernaniko Gaztelekuak… Denek jarri zuten bere alerik goxoena, bertaratuen gozamenerako. Eta goxoaz ari garela, halakoa izan zen Pausoka Elkarteak antolatuta bazkariaren paella. Denek nahi izan zuten bertan bazkaldu, eta arroz alerik ere ez zen geratu azkenerako!

 

Eskertza ekitaldia izan zen Bizipoza Jaiaren une berezienetako bat. Emozioak ageri-agerian zirela, urte osoan zehar egiten duten lan nekaezina eskertu genien Bizipoza osatzen duten elkarteei. Ezin eskertu gabe utzi partehartzaileen, babesleen, antolatzaileen eta bolondresen lana ere, beraiei esker izan baitzen posible larunbateko festa. Guztien lan eta ekarpenagatik hartu baitzuen zentzua, Atsegindegin, denbora luzez egindako lanak.

 

Eta festa goxoa, modurik goxoenean agurtu genuen. Itzal erromeriak egunari errematea jarri ondoren, taula gainera igo ginen Bizipoza Jaiaren antolatzaileak, eta bertaratutako guztiek elkarrekin abestu genuen “Lau teilatu”

Egilea: Admin