Usurbil, 2025eko uztailaren 14a. — Bizipoza Elkarteak gaur eguerdian aurkeztu ditu “Bizipoza. Mundu berri bat
guztiontzat 2″ diskoko abestiei laguntzeko sortutako 10 koreografia bideo berriak. Aurkezpena Usurbilgo Potxoenea Kultur Etxean egin da, jendaurreko prentsaurrekoan, egitasmoaren xehetasunak eta helburuak azalduz.
Koreografia guztiak Izaskun Forkadak sortu ditu, eta TaPuntu kooperatiba arduratu da bideoen grabaketa eta edizio lanaz. Bideoek helburu argia dute: Bizipoza diskoko abestiak haur, familia eta elkarteentzako eskuragarriago eta parte hartzaileago bihurtzea, musikaren bidez elkartasuna eta bizipoza zabaltzen jarraitzeko.
Aurkezpenean nabarmendu dutenez, bideo hauek YouTube kanalean, bizipoza.eus webgunean eta bizipozaeskola.eus atarian egongo dira ikusgai, edonorentzat eskuragarri. Horrela, nahi duen edonork etxean, eskoletan, elkarteetan edo ekitaldietan dantza eta abestiak ikasi eta partekatu ahal izango ditu.
Guztira 10 abestien koreografiak sortu dira. SuperH elkartearen Parke Bat abestia, Beroa elkartearen Txokotxoa, Bortzirietako Guztiok taldearen Guztiontzat, ADEMGI elkartearen Beste pauso bat, Gure Nahia eta Gure Señeak elkarteen Izan gure lagun, Chernobilen lagunak elkartearen Misha Txikia, Euskal Herriko Down Sindromea Fundazioaren Hogeitabira, SanFilippo Euskadi elkartearen Gaur gu gara eguna, Etiopia Utopiaren Mundu bat non eta azkenik GKEF eta Mindara elkarteen Nahi ibili gurekin?.
Bideoetako egile eta partehartzaile bezala, prentsaurrekoan Bizipoza Elkarteko ordezkariek, elkarteek, Izaskun Forkadak berak eta TaPuntuko kideek parte hartu dute, baita elkarte batzuek ordeztu dituen Usurbilgo Orbeldi Dantza taldeko ordezkariek ere.
Bizipozatik adierazi dutenez, “musikaren eta mugimenduaren bidez elkartasuna eta bizipoza zabaltzea” da proiektuaren helburua, eta koreografia hauek “herritarrak dantzan jarriz, elkarlana eta komunitatea sendotzeko baliabide bikaina” izango direla sinetsita daude. “Bideoan ikusten dena eredua baino ez da, mugimenduren bat egin ezin baduzu, egin ezazu zure erara. Denok elkarrekin, badugu zer egin!” gogorarazi dute.
Amaitzeko, eskerrak ematea soilik ez da geratzen. Beti bezala, Bizipozako elkarteei, Izaskun Forcadari, TaPuntu kooperatibari, Orbeldi Dantza taldeari eta bereziki koreografia hauetan alboan izan ditugun Kutxa Fundazioari, Laboral Kutxari eta Usurbilgo Udalari proiektuaren bidelagun izateagatik.