BIZIPOZA JAIALDIAREN EGITARAUA AURKEZTU DUGU - EKAINAK 18 AMASA-VILLABONAN

bizipoza > Bizipoza berriak > BIZIPOZA JAIALDIAREN EGITARAUA AURKEZTU DUGU – EKAINAK 18 AMASA-VILLABONAN

BIZIPOZA JAIALDIAREN EGITARAUA AURKEZTU DUGU – EKAINAK 18 AMASA-VILLABONAN

BIZIPOZA JAIALDIAREN EGITARAUA AURKEZTEKO EKITALDIA EGIN DUGU AMASA-VILLABONAKO GUREA ANTZOKIAN.

 

Bizipozak, ekainak 18an antolatuko dugun “BIZIPOZA JAIA”-ren egitarauaren aurkezpen ekitaldia burutu dugu Gurea Antzokian.

 

Bide luze baten osteko fruitua izango da ekainaren 18a eta egun hori aurrera eramateko bi gune bereiztuko dira Amasa-Villabonan. Alde batetik, Errebote plaza izango da eta bestetik, ondoan, Berdura plaza. Askotariko ekintzak egingo dira Errebote plazan: kalejirak, kantu jira, ikuskizunak, elkarteen postuak, emanaldiak, pailazoak, eskulanak eta ekintzak… Berdura plazan, aldiz, bazkaria eta pintxoak emango dira eta ondoren txokolatada.

 

Aurkezpen ekitaldia jaialdi handiaren, “Bizipoza Jaiaren” lagin txikia izan da. Egunean bertan parte hartuko duten elkarte zein herriko talde ugarik hartu dute hitza beraientzat “Zer da bizipoza?” galderari erantzunez. Hala nola, banan-banan igo dira eszenatokira Go!azen, Porrotx, Zigor DZ eta Oier, Amaia Agirre Arrastoa, Besamotza konpartsa (Buruhaundiak eta Erraldoiak), Eresargi abesbatsa, Zubimusu Ikastola, Irrika Aisialdia Elkartea, Loatzo Musika Eskola, Naizen Elkartea, Aspanogi Elkartea, Etiopia Utopia Elkartea eta Oporrak Bakean Programa.

 

Protagonista ugari izan dira ekitaldian, eta argi ikusi da Bizipoza zer den adierazteko ez dagoela erantzun bakarra eta zuzena; pertsona bakoitzarentzat sentimendu eta sentsazio desberdinak dira eta ezinezkoa da guztiak ados egotea eta lau lerrotan laburtzea.

 

Hala ere, elkarlana, taldea, laguntza, bizitza, itxaropena, indarra, dantza, musika, tortilla patata…izan dira ekitaldian helarazi dituztenak; bizipoza diren eta bizipoza ematen duten arrazoi nagusi eta aipagarriak.

 

Erantzunak hitzez eman dituzte alabaina ekintzak ere izan dira ekitaldi osoan zehar.  Abestiak eta bertsoak abestu dituzte, dantza eta pausu tradizional zein modernoak uztartu dira, mimika zein erraldoi eta ipotx desfile aparta eskaini dute…Bizipoza pertsona ororen bizinahia dela trasmititu da ekitaldian, eta ikusleak oso pozik, gustora, eta gogotsu atera dira antzokitik jaialdi handi bat izango den lagin txikia ikusita.

 

Hortaz, gonbidapena luzatuta geratzen da, ekainaren 18an Bizipoza Jaia izango da Amasa-Villabonan eta Euskal Herritar guztiak gonbidatuak zaudete bertara.

Egilea: isa