Bizipoza Elkartea > Bizipoza berriak > Bizipozaren IX. Jardunaldiak Usurbilen: “Heriotzaren Pedagogia, begirada berri bat, beldurretik maitasunera”

Bizipozaren IX. Jardunaldiak Usurbilen: “Heriotzaren Pedagogia, begirada berri bat, beldurretik maitasunera”

BIZIPOZAREN IX. JARDUNALDIAK USURBILEN: “HERIOTZAREN PEDAGOGIA, BEGIRADA BERRI BAT, BELDURRETIK MAITASUNERA”.

 

Joan den larunbatean, azaroaren 8an, ospatu genituen Bizipozaren IX. Jardunaldiak Usurbilgo Sutegi Aretoan, “Heriotzaren Pedagogia, begirada berri bat, beldurretik maitasunera” lelopean. Hil Argi elkartearekin elkarlanean antolatutako topaketak ehun eta berrogeita hamar lagun bildu zituen (aretoa bete zen), heriotzaren inguruko begirada berria sustatzeko asmoz.

Jardunaldiaren irekiera Agurtzane Solaberrieta Usurbilgo alkateak egin zuen, eta ondoren Leire Elizegik (Bizipoza elkarteko kudeatzailea) eta Oihane Arriaranek (Hil Argi elkarteko kidea) jardunaldien helburuei eta Gehiago Gara ekimenari buruz hitz egin zuten.

Goizeko lehen saioan, “Heriotzaren pedagogia ikastetxeetan” izeneko mahai-inguruan, lau ikastetxeren esperientziak aurkeztu ziren, Hil Argi elkarteko kide den Nere Erkiagaren gidaritzapean.

Lehenik, Allende Salazar Herri Eskolako zuzendaritzako kide den Dorleta Gortazarrek,  protokoloak eta dinamika hezitzaileak garatu dituzte, hala nola Coco horma-irudia eta “Beti gure bihotzean” proiektua, eta komunitate osoaren inplikazioa azpimarratu zuten. Hauen prozesu osoa azaldu zuen eta baita curriculumean ere nola txertatzen ari diren heriotzaren gaia.

Ondoren, Gainzuri ikastetxeko ordezkari den Iñaki Imazek bere  heriotza batzordearen esperientzia partekatu zuen: irakasle, familia eta komunitateko kideekin osatutako taldea da, eta Patxi Izagirre psikologoarekin eta beste adituekin egindako lanketaren bidez, protokoloak eta formakuntza saioak garatu dituzte, dolu egoerei erantzun osasuntsua emateko. Azaldu zuten nola heriotzaren pedagogia eguneroko jardunean txertatzen ari diren, “heriotzaren betaurrekoak” jantzita, heriotzaren lanketa prebentzio eta postbentzio ikuspegitik lantzeko asmoz.

Ondoren, Amassorrain Ikastolako zuzendariak, Maider Izagirrek, azaldu zuen azken urteotan gertutik bizitako heriotzek piztu zuela hausnarketa prozesu sakona, eta hortik abiatuta, protokolo propio bat sortu dutela eta honek babes handia eman diela gertaerak izan dituztenean. Hala ere, umezurtz sentitu direla ere aipatu dute bide honetan. Formakuntzak, komunitatearen lankidetza eta gurasoen parte-hartzea funtsezkoak izan direla ere aipatu zuten.

Amaitzeko, Antzuolako Eskolako guraso Erkuden Iglesias-ek (Araneren ama) esperientzia pertsonala partekatu zuen, doluaren prozesuan eskolaren eta komunitatearen babesa eta gertutasuna goraipatuz. Bere testigantzak entzuleak hunkitu zituen eta adierazi zuen haur eta familiaren arteko dolu-lanketak maitasunetik eta elkartasunetik egin daitezkeela.

 

📸 Argazkia: Bizipozaren IX. Jardunaldiak, Usurbilgo Frontoian.

 

Hamaiketakoaren eta talde argazkiaren ostean, Aspanogi, Iñurri, Naizen eta Txatxilipurdi elkarteek parte hartu zuten mahai-inguruan, Amaia Agirreren gidaritzapean, heriotzaren pedagogiak elkarteetan duen aplikazioari buruz hausnartzeko.

Orokorrean denek aipatu zuten heriotza tabua dela eta ez dutela erraza haien egunerokoan honen inguruan hitz egiteko. Iñurri elkarteko Julene Illarramendik  eta Aspanogi elkarteko Nekane Lekuonak oso gertutik bizitzen dute heriotza beren elkarteetan, Naizen elkarteko kide Bea Severrek suizidioaz ere hitz egin zuen, eta Txatxilipurdi elkarteko Jone Ojeak, nahiz eta ez hain gertutik bizi, orain arte gaia ez badute landu, tabuak tarteko izan dela.

Elkarte guztiek aipatu zuten landutakoak oso era naturalean eta bakoitzak ahal zuenetik eginak izan direla eta denok ukitzen gaituen gaia izanik, heldu behar zaiola.

Jardunaldia Joxe Mari Agirretxeren mikro irekiarekin eta Hil Argi elkarteko Nere Erkiagaren ondorioekin amaitu zen, eta azkenik, urteroko ohiturei jarraiki eta komunitatearen eta elkar zaintzaren balioak ekarriz, “globoen jolasa”-rekin amaitu genuen jardunaldia.

Bizipozak eta Hil Argi elkarteak eskerrak eman dizkiegu Usurbilgo Udalari, Kutxa Fundazioari, Irizarri, Orona Fundazioari, Mitxelena Kooperatibari, LagunAro, Maier eta Gipuzkoako Foru Aldundiari emandako babesagatik.

Egunak agerian utzi zuen heriotzari buruz hitz egitea ez dela tristura iturri izan behar, bizitzaren parte dela, eta maitasunetik eta elkarlaguntzatik lantzeak indar eta bide berriak sortzen dituela komunitateetan.

Bertaratzerik izan ez zuen orok bideo osoa laster izango du ikusgai hil honen amaiera aldera, beraz, adi egon gure sareetan.

Egilea: bizipoza