Bizipoza Elkartea > bizipoza elkarteak > HIL ARGI ELKARTEA
hil-argi-bizipoza

HIL ARGI ELKARTEA

Hil Argi Elkartea heriotzaren ezagutza zabaltzeko helburua duen elkartea da. Heriotzaren inguruan, maila guztietan, dagoen tabua apurtu eta gai honetan herritarrak ahalduntzen lagundu nahi dugu. Gure ibilbidea egiten hasi gara. Pausuz pausu lerro hauek zabaldu nahi ditugu:

Heriotzaren ezagutza zabaltzeko elkarlana

Bizitzaren parte dira jaiotza eta heriotza. Biak. Jaiotzaren inguruko ezagutza zabaltzen joan den moduan heriotzaren inguruko ezagutza zabaldu behar da gizartean, bizia osorik bizi ahal izateko. Gizartearen alor ezberdinetan (osasungintza, hezkuntza, kultura,…) heriotzaren ezagutza zabaltzeko asmoz, beste elkarte, talde eta erakunde batzuekin elkarlanean arituko da Hil Argi Elkartea.

Heriotzaren inguruko agurrak egiteko informazioa

Heriotza aurreko edo ondorengo momentuetan egin daitezkeen omenaldi edo bestelako agurrek garrantzia handia dute. Azken urteotan omenaldiak eta agurrak egiteko hainbat modu ezberdin sortu dira, eta horietan erabilitako ezagutza bildu eta eskaini nahi du Hil Argi Elkarteak. Borondatezko talde bat lanean ari da, gida hori sortzeko helburuarekin.

Haurren inguruan

Haurren heriotza benetan ere zaila den gaia da. Berez egoera zaila dena zailagoa bihurtzen da ezagutza ezak sortzen dituen egoera traketsekin. Humanitatez eta naturaltasunez jarduteko ekintza eta egitasmoak bultzatuko dira Hil Argi Elkartetik.

Hasi berri dugun bide honetan gurekin batera bazkide gisa edo, besterik gabe, egitasmoetan parte hartzeko prest egonez gero, elkarteko ateak irekita dituzu.